XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laugarren fardelean, jaki-edariak zeuden.

Sei hilabetez jateko adina haragi zezinatu eta gaileta bazen han.

Edateko, ordea, orre-ura baizik ez zegoen.

Urik batere ez. Halere, kalabazak genituen, inguruko iturrietan betetzeko asmoz.

Guraize, hari, benda, esparatrapu, alkohola eta abar ere bageneraman, inor zaurituta ere, senda gintezen.

Rhumkorff- en tresnek behar zituzten gaiak ere ez genituen ahaztuta utzi.

Besteak beste, osabak tabakoa, polbora eta ardagaia ere bazeraman.

Larruzko gerrikoa ere bai; soinetik inoiz kentzen ez zuena, hain zuzen.

Han zeduzkan ezkutaturik urrezko eta zilarrezko xanponak.

Erreminta artean, gainera, sei zapata pare zeuden, gomazko oihal batetan bildurik.

Hilaren hamalaugarren egunean, traste antolaketan aritu ginen goizetik.

Arratsaldean, Trampe jaunaren etxera joan ginen jatera.

Hiriburuko alkatea eta Hyaltalin jauna, hango midiku ospetsua, ere gurekin ziren mahai inguruan.

Biharamonean, hilaren hamabostean, antolaketa lanak bukatu genituen.

Fridriksson jaunak, Olaf Nikolas Olsen-ek eginiko Islandiako mapa eman zion; mineralogialari batentzat guztiz interesgarria, inolaz ere.